Iker Echeverríak, Issa El Akkarik, Agustín Fernándezek eta Jhordy Pomahuacrek, PCAko lau ikaslek, Altsasuko institutuko sukaldea berritu dute. Lanak bi hilabete iraun du eta oso zaharkiturik zegoelako burutu zen. Lana nahikoa gogorra, itogarria eta, era berean alaia izan da eta oso dotore geratu da.
ALTSASU– 14 eta 15 urteko lau ikasle Altsasuko institutuko sukaldea berritzen aritu dira bi hilabetez. Egunean lau orduz eta astean hogei orduz aritu dira lanean. Beraien tutorea den Urko Pontestarekin, ikasketaburu den Eneko Ugalde eta mantentze-lanetako arduraduna den Cristian Herasekin batera aritu dira lanean.
Mazo eta pikotxaren laguntzaz pareta zati bat botaz hasi zituzten lanak eta obra-hondakinak hondakindegira bota zituzten. Hortik aurrera, kable elektrikoa jarri zuten eta gela garbitu ondoren, erradiadoreak kendu eta pladura markatzen hasi ziren paretan jartzeko. Honetaz guztiaz, mantentze-lanetako arduraduna den Cristian arduratu zen batez ere. Jarraian, pladuretako xaflei eusten dizkieten tirafondoetako zuloetan masilla jarri zuten.
Horren ondoren, igeltseritza-lanei hasiera eman zieten: lauza eta zorua jartzea. Lan hori dibertigarria izan zen, Iker Echeverria ikasleak lehen aldiz erradial bat erabili baitzuen.
Margotzeko garaia ere iritsi zen.Kolore zuri bizia Eneko Ugalde ikasketaburuak hautatu zuen. Bi edo hiru egunez margotzen egon ondoren, sukaldeari amaiera eman zioten modulu eta apaingarriak erabilita. Eta azkenik, UCEko ikasleek ikaragarri ondo garbitu ostean,sukaldea erabilgarri dago.