[slideshow_deploy id=’2890′]
-Nafarroako eskolarteko bertsopaper lehiaketa irabazi berri duzu zure kategorian, eta gure institutuko Gaztelania eta Literatura Departamentuak antolatutako literatur lehiaketan ere saritua izan zara. Zorionak Idoia! Pozik, ezta?
Bai, oso pozik. Benetan izugarria izan da niretzat, institutuko lehiaketako saria batez ere. Ez nuen inondik inora espero; hasieratik pentsatu izan dut ez nuela saririk lortuko. Sariak bai, jakina, baina sariak sari, parte hartu izanak asebete nau gehien. Lau urte hauetan lehenengo aldia izan da parte hartu dudana, eta nire beste testu batzuek ez bezala, aurkeztu nuenak ez zidan hain aho-zapore ona utzi, beraz izugarrizko sorpresa eta emozioa eragin dit berriak.
-Hori gutxi balitz, irratiaren munduan murgiltzeko aukera izan berri duzu. Noiz eta nola hasi zen irratiarekiko zure harremana?
Segura Irratian parte hartu nuen duela gutxi, eta hori ere izugarrizko esperientzia izan da. Ekaitz Goikoetxeak gonbidaturik joan nintzen duela aste batzuk. Eta nola ezagutu nuen Ekaitz? Bada, bi bidek elkartu gintuzten. Batetik Joana, institutuko gaztelaniako irakasleetako bat, ezagutu nuen. Berarekin harremanetan jarri ginen lagun bat eta biok Coca Colak antolatutako lehiaketa baten berri emateko. Ondoren, nire narrazio bat helarazi nion eta Joana izan zen Ekaitzi nire berri eman zion lehenengoa.
Beste alde batetik, Ekaitzek Atarrabiako institutuan ematen ditu euskarako klaseak. Nik badut lagun bat bertan, Maitane, eta euskara proiektua nirekin egitea proposatu zion hari. Aspaldi ikusten ez zuen lagun batekin eskutitzak elkartrukatzea zen kontua, eta horretan aritu gara. Handik gutxira jaso nuen Ekaitzen mezu bat, eta hortik aurrera, berarekin harremanetan jarraitzen dut.
-Nola suertatu zitzaizun Segura Irratiko Itaka saioan kolaborazioak egiteko aukera? Zein izango da zure egitekoa kolaborazio horietan?
Berriz ere, izugarria. Bertan egon nintzenean, oso gustura egon nintzen, Irati, Ekaitzen arreba ere ezagutu nuen eta haien aita. Oso jatorrak dira hirurak ere, atseginak, errepikatzeko moduko esperientzia bizi izan genuen elkarrekin. Eta horrela da, bai, Ekaitzek duela gutxi proposatu dit aurrerago, udan batez ere, denbora daukagunean, elkarrizketaren bat osatu eta bion artean norbait elkarrizketatzeko aukera. Niretzat, izugarria izango litzateke! Hainbat pertsona miresten ditut, liburuak, bertsoak eta beste hainbat bitarteko direla medio, beraz, beraiek ere ezagutzeko aukera aparta eskaini didate.
-Zure ametsak betetzen ari direla esango zenuke?
Ametsak betetzen eta husten. Ekaitzek eta biok diogun moduan, ametsak bete egin behar dira hustu ahal izateko. Bai, duela denbora bat hasi nintzen idazten. eta betidanik irakurri izan dut, asko. Literataur munduan hain gazte murgildu izanak ametsak bete eta hustu dizkit bat-batean eta ia oharkabean.
-Zeintzuk dira etorkizunari begirako zure asmoak ikasketei dagokienez?
Oraindik ez daukat oso argi, badakit mundu honetan jarraitu nahiko nukeela, ziurrenik filologiaren batekin. Euskal filologia da oraintxe gehien erakartzen nauena, euskararekin bestela sentitzen ez ditudan sentimenduetaraino hel bainaiteke, baina, hala ere, ez ditut beste bide eta ate-leiho batzuk itxi nahi.
-Nola ikusten duzu zure burua hemendik urte batzuetara?
Hemendik urte gutxi batzuetara, euskal filologia ikasten badut, Baionan ikastea gustatuko litzaidake, horrela frantsesa ere ikasteko, bestela Gasteizen. Geroago, ikasitakoak ikasita, zergatik ez irakurtzen eta, batez ere, idazten jarraitu? Batek daki non bukatuko dudan, baina sortzen jarraitu nahi dudala, hori badakit.
– Mila esker gure galderak erantzutegatik, Idoia. Institutuko ikasle eta irakasleon izenean, zorionak; zure proiektuak gauzatu eta ametsak betetzea opa dizugu, bihotz-bihotzez.
Joana Lobo, Gaztelera mintegiak